Browsed by
Category: Hezkuntza proiektua

EMOZIO HEZKUNTZA ETA BALOREAK

EMOZIO HEZKUNTZA ETA BALOREAK

Hezkuntzaren zati garrantzitsua da garapen emozionala eta horregatik, eskolan, oso kontuan hartzen dugu. Lan talde finko bat aritzen da emozioen arloa jorratzen eta planifikatzen; dinamizatze lanak egiten dituena. Gure ikasleen garapenean emozioak eta sentimenduak ezagutzea eta kontrolatzea, norbere buruaren jabe izaten ikastea, norbere buruarekin gustura sentitzea,… emozio hezkuntzak, alegia, zati handi-handi bat betetzen du. Eskolak, ahal duen neurrian, heziketaren arlo honetan ere lagundu nahiko luke. Eskolak pertsona bere osotasunean kontenplatu nahi du. Badago bizikidetza batzordea ere. Batzorde honek elkarbizitzaren egoera behatuko du eta sortzen diren arazoei aurre egiteko ardura izanen du. Jarrera egokiak eta harreman zuzenak eta adeitsuak sustatuko dira eskolan eta klaustro osoa lan horretan inplikatuko da.

Batzarrak:  Ikasturtean zehar, Lehen Hezkuntzako ikasle guztien arteko Batzarra izaten dugu. Bertan, bertzeak bertze, honako helburu hauek lortzen dira; ikasleen kezkak, kexak eta iradokizunak azaltzea, entzuten ikastea, talde handi baten aitzinean hitz egiten ikastea, bertzeen iritziak errespetatzea,… 6. mailako ikasleak arduratzen dira hagitz aberasgarria eta hezigarria den aktibitate hau kudatzeaz.

ELEANIZTASUNA

ELEANIZTASUNA

Euskara gure oinarrizko komunikazio tresna bada ere, ez dugu alde batera uzten gure ikasle aunitzen ama hizkuntza den Gaztelania. Gaztelania Lehen Hezkuntza hastearekin batera ematen dugu; astean hiru saio lehen zikloan eta lau saio bigarren eta hirugarren zikloan.

Ingelesa ere, dudarik gabe, hagitz garrantzitsua da gure gizartean. Gure eskolan Haur Hezkuntzako 4 urteko gelan atzerritar hizkuntza lantzen hasten gara.

Lehen Hezkuntzako 3. zikloan Frantsesa ikasteko aukera zabaldu dugu. Laugarren hizkuntza hau, besteak ez bezala, hautazkoa izanen da.

Gure helburuetariko bat, eskolako hizkuntzen trataera bateratua lortzea da.

EUSKARA ETA EUSKAL KULTURA

EUSKARA ETA EUSKAL KULTURA

Euskara da gure eskolako irakats hizkuntza, baita estamentu guztien arteko komunikazio hizkuntza ere. Euskararen normalkuntza bultzatzeko konpromiso tinkoa hartua dugu: euskara ikasteko eta erabiltzeko ohitura bultzatzen dugu; eskolako harremanak, maila guztietan, euskaraz gauzatzen  ditugu; eskolaz kanpoko bizitzan ere euskararen normalkuntzaren aldeko jarrera aktiboa dugu; herriko Euskara Batzordean antolatzen diren ekitaldietan (Mugaz  gain,…) parte hartuz, Euskara  Mankomunitatearekin kolaboratuz,… Euskal Kultura ere landu eta garatzen dugu gure ikasleen artean. Gure ikastetxean Euskara Lan Taldea eratua dago aurreko helburuak bermatzeko asmoz. Etorkinen presentzia ere gero eta handiagoa izanik, hauek euskaraz bizi daitezen eta gure kultura ezagutu dezaten ahalegintzen gara. Euskara eta euskal kultura sustatzeko gure ikastetxean egiten diren zenbait aktibitate hauek dira:

Mugaz Gain: Aspalditik gure herrian ospatzen den Antzerki Topaketa honetan urtero parte hartzeko ohitura dugu. Astean bi saio dedikatzen dira antzerki aktibitate honi, 3. zikloan. Maiatza aldera ospatu ohi da eta Gorputz Adierazpena eta Aho Hizkuntza lantzea du helburutzat.

Xorroxin Irratia: Aste batez, Baztan Bidasoa zonaldeko Xorroxin Irratiak bere emisore ibiltaria gure ikastetxean edukitzeko aukera ematen digu. Aste horretan, talde bakoitzak aurreko asteetan prestaturiko irratsaioa emititzen du.

Bertsolaritza: 6. mailako ikasleek zonaldeko bertsolari baten laguntza izaten dute, astean behin, bertso mundua ezagutu eta bertan murgiltzeko.

Lehiaketak: Gure ikastetxean hainbat lehiaketetan parte hartzeko ohitura izaten dugu. Urtero guztietan parte hartzen ez badugu ere, hauek dira, bertzeak bertze, azken urteetako batzuk: Ipuin, Bertso Paper, beklamazio, Irrati Gidoi, Mikro ipuin… lehiaketak.

Eskolako aldizkaria: Ikasleek egiten dituzten idazlan, komiki eta marrazkiak baliatuz,urtero XIRI-MIRI aldizkaria argitaratzen dugu, urtean behin gutxienez. Ikasturte honetan 6. mailako ikasleek hartu dute argitaratzeko ardura.